EUSKADI / Hardcore
Fly shit 90eko hamarkadaren amaieran sortu zen, Bergaran (Gipuzkoa). Eloy, Seti eta Ander jatorrizko kideez gain Ikerrek osatzen du orain laukotea dena. Hamarkada bat baino gehiago darama taldean, eta sei estudio-diskoetatik hirutan eta zuzeneko bi diskoetan parte hartu du. Underground eta D.I.Y eszenei lotutako hiru hamarkadetan, taldearen musika eboluzionatu egin da, hardcorean erroak mantenduz, baina beste sonoritate batzuk gehituz, batzuetan posthardcore ukituekin, beste batzuetan crossover, punk-rock edo baita rock alternatibora gerturatuz. Azken finean, euskaraz abestutako kantuei beste dimentsio batzuk eman dizkieten zertzeladak gehitu diote.Fly Shit-ek Bergarako Auryn estudioan grabatu dituzte abestiak Tristanekin, eta Ibizako Solostudiosen Tabuk nahastu eta masterizatu ditu. Oraingoan, lau kantu propio aurkeztuko dituzte, eta Fugazi-ren “Merchandise”-ren bertsio bat euskaraz. Hardcore base batetik abiatuta, intentsitate eta erritmo aldaketekin eta beste estilo batzuetako pintzelkadekin jokatu dute, eta hari horri tiraka, ñabardura desberdinak eskaintzen dituzte kantu bakoitzean.